Txema González
Batzuetan, lagunen artean aurrez aurre hitz egiten dugunean gatazkak sortzen dira, baina WhatAppen bidez, tonurik gabe eta besteen aurpegia ikusi gabe, are gehiago. Horrez gain, talde batean 20 edo 50 pertsona egoten badira, WhatsApp oso arriskutsua izan daiteke. Emotikonorik ez izateagatik, edo elkarrizketa osoa ez irakurtzeagatik,batzuetan esandakoa txarto ulertzen dugu, eta haserretu egiten gara. Horren ondorioz, irainak botatzen ditugu erantzuteko.
Hori gerta ez dadin, emotikonoak erabiltzeko ohitura hartu beharko genuke, gure emozioak eta tonua adierazteko eta, aldi berean, argi uzteko txantxa bat den ala ez.
Helduok sen ona dugula suposatzen da, eta bidaltzeko botoia sakatu aurretik gauzak pentsatzen ditugula. Gainera, seme-alabek eredutzat hartzen gaituzte, horregatik egiten duguna neurtu behar dugu.
Hala ere, adingabeek sortzen dituzten taldeetan, askotan, irainak botatzen dituzte, baina zorionez gehienetan txantxetan. Dena den, txantxak pertsona bakar bati zuzentzen dizkiotenean, eta askotan errepikatzen badira, agian, pertsona hori ziberbullyinga pairatzen ari da.
Hona hemen adingabeen artean egindako txat baten adibide bat:
Taldearen portaera behatu: baten batek taldekoak probokatzeko zerbait idatzi du eta taldeko batek aprobetxatu du kide bati irainak esateko; besteek barre egiten dute, eta jokabide hori kritikatu beharrean bultzatu egin dute.
Hala ere, baten batek defendatuko balu, zer gertatuko litzateke?
Helduon artean jakin badakigu pertsona bat defendatzen dugunean, batzuetan, txarto bukatu ahal dugula. Hori gorabehera, horrela jokatu behar dugu zuzengabekeriei aurre egiteko, edo behintzat horixe da seme-alabei erakutsi behar dieguna.
Begiratu txat honetan zer gertatzen den:
Pertsona batek biktima defendatzen du eta taldeak enpatizatu beharrean, ausartari kontra egiten diote. Orain bi biktima ditugu; beraz, argi dago zaila dela ausarta izatea. Baina hobe da isilik egotea?
Adibide baten bidez, ikusiko dugu gatazka nola konpon dezakegun, eta WhatsApp taldeetan ziberbullyinari nola aurre egin.
Pertsona bakar batek ez du defenditu, taldeko batzuek baizik. Ez dute barre egiten, eta “barregarrien” portaera kritikatzen dute. Gainera, haiei aurre egiten diete eta taldetik ateratzen dira.
Baina erasorik pairatu gabe nola aurre egin? Pentsatzen duguna baino errazagoa da.
Txat batean molestatzen gaituzten jokabideak (irainak, mehatxuak…) ikusten baditugu, bilatu konplizeak, horrelako jokabideak bere gustuko ez dituztenak; pribatuan txateatu, ados jarri eta zuen baloreak defendatu, elkarrekin indar gehiago dugulako. Txantxa horietaz inork ez badu barrerik egiten, bere portaera aldatuko dute.
Dena den, horrela ez bada, besteak errespetatzen ez dituzten talde batean egon nahi dugu? Agian, bihar gu biktima izan gaitezke. Hori dela eta, taldetik atera.
Biktima izaten bazarete, edo horrelako jokabideak ikusten badituze, horiei aurre egiteko hona hemen aholku batzuk.