Uso inteligente de las tecnologías de la información

didaknet jornada sobre ciberbullying ciberacoso

Fiskalek, epaileek, Ertzaintzak, psikologoek ziberbullyingari buruz hitz egin dute (II. zatia)

Andrea Alfaro

Aurreko artikuluan esan genuen bezala, ziberbullyingari buruzko hitzaldiei buruz hitz egingo dugu. Artikulu honetan, epailearen eta defentsaren ikuspegitik ikusiko dugu ziberbullyinga. Era berean, Delitu Telematikoen Fiskalek nola egiten duten lan ezagutuko dugu.

didaknet jornada sobre ciberbullying ciberacoso 5
Parte hartzaileak: Maite Garaigordobil, Manu Viota, Begoña San Martín Larrinoa, Ruth Sala Ordoñez, Jorge Bermúdez y Javier Zaragoza

ADINGABEEN AUZITEGIAN NOLA EGITEN DIOTE AURRE ZIBERBULLYINGARI?

Begoña San Martin-ek, Bilboko Adingabeen I. Auzitegiaren epaileak, adierazi zuen eskolan ziberbullyingari aurre egiteko martxan jartzen dituzten protokoloak ez direla gurasoen gustukoak; horren ondorioz, salaketa ipintzea erabakitzen dute. Hala ere, batzuetan ziberbullying salaketa oso berandu jartzen dute eta konponbidea bilatzea zaila da. Horrez gain, San Martin-ek azaldu zuen Adingabeen Auzitegian fiskala dela ikertzen duena, ez instrukzio epailea.

Aurreko hitzaldian, Viotak, Informazio eta Komunikazio Teknologien Delituen Sail Nagusiaren buruak (Ertzaintza), esan zuen ez zuela ulertzen zergatik biktima beti ateratzen den eskolatik eta ez erasotzailea. Horren harira, San Martin-ek erantzun zion eskolan saiatzen direla biktima eta erasotzailea elkarrekin egoten eta egoera konpontzen. Gainera, erasotzailea ikasle ona ez denez, eta ikasketetan porrot ez egiteko, ez dute kanporatzen. Dena den, biktima eta erasotzailea elkarrekin eskolan egoten direnean, epaileak urruntze neurriak jarri ohi dira (metro batzuk bakoitzak bere gela ikasteko, sartu eta ateratzeko ordutegiak desberdinak izatea…). Hala ere, askotan gurasoak ez daude ados, eta eskolatik semea edo alaba ateratzen dutela. Zoritxarrez, batzuetan, jazarpena errepikatzen da beste eskola batean.

San Martin-ek kasu batzuk azaldu zituen. Gehienetan “modus operandi” bera izan ohi da: “gauzak bota, Whatsapp bidez irainak idatzi, eta mehatxuak egiten”. Epaiketetan, ikasleek aitortu ohi dute egin dutena; beraz, ez da beharrezkoa gehiago ikertzea.

Irakasleei dagokienez, bullying eta ziberbullying kasuetan irakasleek esaten dute ez dutela ezer ikusi ezta nabaritu ere. Haatik, ikasleek jakinarazi zietela eta haiekin hitz egin zutela adierazten dute. Beraz, irakasleek ez dute laguntza handirik ematen. Dena den, San Martin-ek azpimarratu zuen gaur egun gurasoek irakasleei autoritatea kentzen dietela.

Erasotzaileak onartu behar dituen neurriak

-Tratamendu psikologikoa

-Enpatia bultzatzeko programak egitea

-Hezitzaile: askatasun zaindua

-Adingabeen zentro batean egotea

-Urte betean biktimari hurbiltzea debekatzea

Erantzukizun zibila

-Mina psikologikoak edo moralak

Horretarako eman daiteke:

  • Txosten forentseak
  • Ondorioak
  • Zaintzeko egunak

SAREA, DEFENDATZEKO AUKERA BAT 

Ruth Sala Ordoñezek, zuzenbide penalean eta delitu teknologikoan adituak, eta Legal Consultors-en kideak, azaldutakoei galdetu zien sare sozialak erabiltzen zituzten. Gehienek baietz erantzun zioten. Hala ere, sare sozialak 24 orduz monitorizatzen nork zekien galdetu zienean, gehienek ez zekitela erantzun zioten. Ordoñezek azpimarratu zuen oso inportantea dela monitorizatzen jakitea informazioa batzeko. Horretarako OSINT tresnak erabiltzea gomendatu zuen. Izan ere, Ordoñezek berak horiek erabiltzen ditu bere kasuak defendatzeko.  Horiei dagokienez, ziberbullying kasu batzuk azaldu zituen, baina horietan adostu bat lortu zuen; beraz, ez zen beharrezkoa izan epaiketara joatea.

Horrez gain, Ordoñezek adierazi zuen ziberjazarpena pairatzen duenari gomendatzen diola ez erantzutea. Horrela eginez gero, erasotzaileak akatsak egiten ditu, zeren eta biktimaren inguruan dauden pertsonei galdetzen baitie zergatik ez duen erantzuten biktimak eta erasotzaileak probak (mezuak…) uzten ditu. Eta errazagoa da frogatzea erasotzailea edo jazarpena.

Epaile eta fiskaleei dagokienez, Ordoñezek esan zuen horiek gutxitan Interneten (sare sozialetan, aplikazioetan) ikertzen dutela, normalean tresna horiekin zailtasunak dituzte eta. Horren ondorioz, abokatuek abaintaila hori aprobetxatzen dute. Bukatzeko,  coloiuris.net aplikazioa azaldu zuen, probak lortzeko oso erabilgarria da eta. Interneten agertzen dena grabatzen du, txatak, irudiak… eta aplikazio horrek probak baliozkotu egiten ditu.

INTERNETEN JAZARPEN JOKAERETAKO DELITUZKO TIPOLOGIAK: ADINGABETAKO ETA HELDUETAKO JURISDIKZIOEN IKUSPUNTUAK

Jorge Bermudezek, Gipuzkoako Kriminalitate Informatikoaren Fiskal buruak eta Javier Zaragozak, Gipuzkoako Fiskal laguntzaileak ere parte hartu zuten. Bermudezek, bere hitzaldian, egin dituen kasuak izan zituen ardatz. Era berean, jurisprudentzia nola garatu den kasu horietara moldatzeko azaldu zuen.

Legeari dagokionez, adierazi zuen “erantzun penal batzuk 1995 ko Zigor-kodean daude, eta, beste batzuk, 172 Ter eto 197.7 gehitu direla, 1/2015 Lege Organikoaren bidez, apirilaren 30an”. Horrez gain, Bermudezek esan zuen kontuan hartu behar dela gaur egun zenbat baliabide teknologiko sortu diren ikerketak egiteko.

Zaragozak ere parte hartu zuen hitzaldian eta “Bale urdina”-ri buruz hitz egin zuen. Joku horretan adingabeek probak egiten dituzte, eta normalean horietan nork bere burua zauritu behar izaten duen, azken proba heldu arte, hau da, bere buruaz beste egitea. Horren harira, azaldu zuen udan sarearen bidez, suizidio masiboa adostu zutela nerabe batzuek, eta Gipuzkoako neska batek parte hartu zuela. Zorionez, Zaragozak horri aurre egitea lortu zuen eta neska salbatu zen. Bukatzeko, azpimarratu zuen askotan beste herri batzuetan horrelako jokuak edota arriskuak sortu arren, Interneten bidez zabaltzen denez, gure arazo ere bihurtzen direla.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top