Uso inteligente de las tecnologías de la información

Euskadin ez dugu eskola digitalik

Andrea Alfaro

Aurreko astean 3. Eskola digitala topaketan parte hartu genuen, eta, zoritxarrez, egiaztatu genuen Euskadin ez dugula eskola digitalik.

Jardunaldi horretan, bi egunean zehar enpresa teknologiko erraldoiek eskola publikoko irakasleei hezkuntzaren arloan sortutako azken berrikuntzak erakusten dizkiete. Aukera paregabea da bertatik bertara ezagutzeko zer-nolako tresnak dituzten HPk, Microsoftek, Samsungek, Epsonek edota argitaletxeek sormena bultzatzeko, ezaguera hedatzeko eta, azken finean, hezkuntza hobetzeko.

Jardunaldi horietan irakasleek, hitzaldietara joateaz gain, lantaldeetan parte hartzen dute, teknologia berriei dagokienez, eskola eta institutu publikoen egoera zein den azaltzeko. Antolatzaileek Didakteneteko kideoi aukera eman ziguten lantalde batean egoteko, eta han honako gai hauei buruz eztabaidatu genuen:

Konektibitatea: Ikastetxetan zein egoera dauden gailuak, sarea, wifia…

Prestakuntza: Ikastetxetan egiten dena nahiko da? Irakasleen beharrei erantzuten die? Eskaintzen diren prestakuntza formatuak egokiak dira?

Gaitasun digitala: irakasle eta ikasleen gaitasun digitala, hau da, oinarrizko zehar konpetentzia.

Metodologia aldaketak: eskola digitalizatzeko prozesuak material berriak aztertu eta aukeratzera garamatza.

Konektibitateari dagokionez, irakasleak “eskola 2.0” programari buruz mintzatu ziren,  eta ondorioztatu zuten ez duela ezertarako balio. Euren ustez, ordenagailuak oso astiro ibili ohi dira, klase erdia galtzen da, eta, horren ondorioz, programa hori bertan behera uzten dute. Horrez gain, irakasleek jasotzen duten prestakuntza eskasa dela kexatzen dira. Hala ere, horren harira Berritzeguneko arduradunek nabarmendu zuten batzuetan irakasleen jarrera ez dela egokia, eta prestakuntza antolatzen badute ere, irakasle batzuek, adina aitzakia hartuz, ez dutela parte hartu nahi izaten.

Desadostasunak gorabehera, egia da ikastetxe publikoetan dauden gailuak, oro har, oso zaharrak direla eta Windows XP erabiltzen dutela oraindik. Beraz, Eusko Jaurlaritza arlo horretaz arduratu behar da.

Zertarako balio dute teknologia berriek?

Hala ere, hitzaldi guztietan mezu garrantzitsuena izan zen teknologia berriek berez ez dutela ezertarako balio. Moda edo beste eskola batean ezarri izana ez dira nahikoa arrazoi teknologia berriak martxan jartzeko. Horiek baliatu baino lehen, erabaki behar da zertarako eta nola erabiliko diren, bai eta ezarriko diren ere, eta gai izan behar da lortuko diren emaitzak neurtzeko.

Aipatutako galderak egin zizkioten euren buruari Bilboko Errekalde auzoan kokatuta dagoen Elejabarri eskolan, hau da, zertarako eta nola erabili behar diren teknologia berriak. Ikastetxe horretan ikasleen aniztasun handia zeukaten, eta emaitza akademikoak oso baxuak ziren. Horiei aurre egiteko erabaki zuten konponbide bat bilatzea, eta, aukera batzuk aztertu ondoren, Office 365 instalatu eta erabili zuten.

Eusko Jaurlaritzak programa hori oraindik instalatu ez arren, euren kabuz abiaraztea erabaki zuten. -Hitzaldietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko kontseilari Cristina Uriartek iragarri zuen datorren urtean prest egongo dela-. Horrez gain, familiei azaldu zieten zertan datzan, nola erabili eta zertarako balio duen…

Programa horren bidez  eta, oro har, teknologia berrien bidez, ikasgai guztiak lantzen dituzte. Hitzaldian azaldu zuten euskara bultzatzeko irakasleek bideo bat ikusteko eskatzen dietela ikasleei, eta bideo horri buruz euskaraz hitz egiteko. Ikasleek elkarrizketa grabatu egiten dute, eta irakasleek haien euskara maila aztertzen dute. Era berean, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei lan zuzena bidali ahal diete euren maila hobetzeko, eta, horren ondorioz, errazagoa da neurtzea horrelako ikasleek hobetu egin dutenetz.

Gaur egun, emaitzak ezin hobeak dira euskarari, elkarbizitzari eta arlo akademikori dagokienez. Halaber, familiek eskolarekin duten harremana askoz estuagoa da. Ikusten duzuenez, gakoa ez da teknologia, irakasle batzuen konpromiso handia baizik. Horiei esker, goi mailako eskolak lor daitezke. Hala bedi.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top