Uso inteligente de las tecnologías de la información

didaknet-acoso-ciberacoso-del-alumnado-al-profesorado

Ikasleek irakasleei eragindako ziberjazarpen kasuak bikoiztu egin dira

Andrea Alfaro

Lojako (Granada) institutu baten ikasle bat 28 egunez egotzi dute ordenagailu eramangarria irakaslearen aurpegira botatzeagatik. Ikaslea klasean sakelako telefonoa erabiltzen ari zen, eta irakasleak kendu egin zion. Nerabea haserretu egin zen, eta irakasleari eraso egin zion. Horren ondorioz, luxazio bat du, eta baja hartu du.

Ikaslea kanporatzeaz gain, institutuan gurasoak, nerabea eta zuzendaria elkartu ziren, eta bilera horretan ikasleak barkamena eskatu zuen. Dena den, Hezkuntza ikuskaritzak baloratuko du komeni ote den nerabea eskolaz aldatzea.

Kasualitatez, Didaknet-en Lojako institutuan gertakariaren berri izan dugunean, irakasleek pairatzen dituzten erasoei buruzko laburpena prestatzen ari ginen; ANPE sindikatuak datu horiek argitaratu dituelako. Erakunde horrek eskola publikoko irakasleen eskubideak bermatzea du helburu, eta Irakaslearen Defendatzailearen zerbitzua ere badu.

Gure ustez, zerbitzu horrek ematen duen laguntza goraipatu egin behar da, gaur egun irakasleek bere lana egiteko zailtasun handiak dituztelako.

Irakaslearen Defendatzaileak 2015-2016an egindako txostena

Irakaslearen egoera hobeto ezagutzeko, azter dezagun Irakaslearen Defendatzaileak 2015-2016an egindako txostena. Bildutako datuen arabera, zerbitzu horrek 2015-2016ko ikasturtean Espainiako 1961 irakasleren premiei erantzun die, batez ere, eskolan elkarbizitza-arazoak izateagatik, eta, 2005etik, hau da, Irakaslearen Defendatzailea martxan jarri zenetik, 30.000 irakaslek zerbitzu horretara jo dute laguntza eske.

Horrez gain, txostenak erakusten du gora egin duela irakasleei jarritako oinarri gabeko salaketen ehunekoak, gurasoek irakasleei egindako jazarpenena edota mehatxuenak, baita ikasleek irakasleei eragindako ziberjazarpenarenak ere. Interneten bidez egindako jazarpena %9tik %19ra igo da, hain zuzen ere.

Dirudienez, klasean irakasleari argazkiak egiten dizkiote edota irakaslea bera grabatzen dute Internetera igotzeko eta iraintzeko. Zoritxarrez, Interneten bidez egindako jazarpenak eragin handia du irakasleengan. Horren ondorioz, aurten %57k antsietatea pairatu du, %7 depresio jota egon da eta %9k baja hartu du.

Ziberjazarpen kasuak

Ziberjazarpenari dagokionez, txostenaren bukaeran Irakaslearen Defendatzailearen zerbitzuak izandako honako kasu hau azaltzen da:

“DBH 4. mailako ikasle batek bi irakasleri bideo bat egin die, eta Internetera igo du haiek iraintzeko eta horiei iseka egiteko. Ikastetxean erabaki dute nerabeari diziplina-espediente bat irekitzea, baina, ikerketa egiten den bitartean, bi irakasle horiek ikaslearekin egon beharko dute, gainera, berak egindakoaren ondorioez konturatu gabe.

Irakasleak Irakaslearen Defendatzailearekin kontaktuan jarri dira jakiteko komeni ote den salaketa ipintzea. Ikastetxean ekintza hori ez dute ontzat hartzen. Horren ondorioz, irakasle horiek ikaslea ikastetxeaz alda dezatela eskatu nahi dute”.

Eraso mota hori pairatzen dutenak Irakaslearen defendatzailearen zerbitzuarekin kontaktuan jartzen dira, eta horretarako telefonoa erabiltzen dute. Aipatutako txostenaren arabera, momentu horietan irakasleek erantzun azkarra eta zuzena behar dute. Hori dela eta, telefonoa da tresna egokiena.

Proposamenak

Aurten izandako kasuak aztertu ondoren, ANPE sindikatuak eta Irakaslearen Defendatzailearen zerbitzuaren arduradunak proposatu dute eskolako elkarbizitza hobetzeko plan estrategiko bat egitea eta neurri batzuk martxan jartzea. Horietako bi proposamen azpimarratuko ditugu:

-Jazarpenaren ondorioz, irakasleak antsietatea, depresioa eta estresa pairatzen baditu, lanbideko gaixotasuntzat hartzea eta irakasleei laguntza psikologikoa dohainik ematea.

-Irakasleei eraso egin dieten ikasleek errehabilitazio tratamendua izatea.

Aipatutako neurriez gain, ikasle batzuek irakasleei begirunea galdu diete; beraz, garrantzi handikoa da hori lantzea eta teknologia berriak modu egokian erabiltzen irakastea, horiek hezkuntzarako beharrezkoak baitira.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to top