Uso inteligente de las tecnologías de la información

didaknet_suplantacion

Zer egin dezakegu Interneten semearen edo alabaren nortasuna ordezten badute?

Duela bi aste, Bizkaiko ikastetxe batean, 9 urteko ume batek beste ikaskide baten posta elektronikoa erabili zuen haren nortasuna ordezteko. Eskola batzuetan, etxerako lanak bidaltzeko edo haiekin harremanetan egoteko, ikasleei posta kontuak sortzen dizkiete. Haatik, beste ikasle baten nortasuna ordeztu zuen ume horrek erabili zuen ikaskidearen posta kontua beste ikaskide batzuk iraintzeko, baita haren aitari argazki pornografiko bat bidaltzeko ere. Zoritxarrez, ikaskidea ez zen konturatu beste erabiltzaile bat bere posta elektronikoa erabiltzen ari zela.

Umea etxera heldu zenean, aitak mezua erakutsi, eta galdetu zion berak bidali egin zuenetz. Semeak erantzun zion ezetz, eta aitak sinetsi egin zion. Hori dela eta, semeari esan zion bere posta kontuan bidalitako mezuak begiratzeko. Behin ikusita, konturatu ziren ikaskideei zuzendutako beste mezu batzuk bazeudela, denak  ere iraintzeko asmoz idatziak. Badirudi semearen nortasuna hartu zuenari mezu horiek ezabatzea ahaztu egin zitzaiola.

Pasahitza aldatu zuten

Aitak eta semeak pasahitza berehala aldatzeaz gain, ikaskideei mezuak bidali zizkieten gertatutakoa azaltzeko. Hurrengo egunean, ama eta aita semearen tutorearengana joan ziren egoeraren berri ematera. Irakasleak esan zien saiatuko zela jakiten nork egin zuen. Dena den, semearekin ere hitz egin behar zuela adierazi zien.

Tutorea eta zuzendaria ikasle guztiekin elkartu ziren, banan-banan, umearen nortasuna hartu zuenari aitortzeko aukera emateko. Helburu hori lortze aldera, ikasleei esan zieten Ertzaintzak iP-a erabiliz (Internet Protocol), hau da, sarean gailu bat  (ordenagailua, tableta…) identifikatzen duen zenbakiaren bidez, jakingo zuela nork egin zuen.

Azkenean, errudunak aitortu egin zuen eta ikastetxean neurri batzuk martxan jarri zituzten ikasleek kontuan hartzeko zein izan daitezkeen jokabide horren ondorioak. Horrez gain, eskolan erabaki zuten Ertzaintzan Interneteko segurtasuna kudeatzen dutenekin  hitz egitea, eta arduradunek esan zieten kasu horietan – gogorarazi nahi dizuegu beste baten nortasuna hartu zuenak 9 urte zituela-  umearen etxera joaten direla guraso zein adingabearekin hitz egitera eta umea konturatzeko bere jokabidearen ondorioez. Ertzaintza etxera joateak eragin handia du umeengan, eta jarrera aldatu ohi dute.

Hartu beharreko neurriak

Didaknet-en nortasuna ordeztearen kasu askoren berri izan dugu. Batzuetan adingabeek aitortzen dute egindakoa; beste batzuetan, aldiz, ez dute egiten, eta zaila da jakitea nork egin duen.

Umeak etxean dagoen ordenagailua edo tableta erabiltzen badu, Ertzaintzak IP-ren bidez jakingo du nork egin duen.. Hala ere, eskolan egiten bada, eta ikasle bakoitzak ordenagailu konkretu bat erabiltzen ez badu, zaila izango da jakitea zein izan den.

Semearen edo alabaren nortasuna ordezten badute, honako gomendio hauek jarraitzea gomendatzen dizuegu:

-Pasahitza aldatu

-Bidalitako mezuak gorde (ezabatuta ez badaude, noski)

-Pantailari argazkiak egin

-Sare sozialak begiratu, aldaketaren bat egon ote den jakiteko.

-Kontatu guztiei gertatutakoa

eGarante aplikazioa erabili, gertatutakoaren frogak legezkoak izan daitezen

-Posta eletroniko-aren zerbitzua ematen duen enpresari gertatutakoa jakinarazi

-Ez badakizu zer egin, sartu Ertzaintza-ren webgunean

Dena den, gertatutakoaren larritasunaren arabera, Ertzaintzan salaketa jar daiteke eta Adingabeen Fiskaltzara edo Ararteko-ra ere jo daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to top